A – Euskara da euskaldun egiten gaituena!! Euskal Herria da gure herria!!
B – Bai, baina historian Nafarroa izan da euskaldunak batu dituen Estatu edo Erresuma bakarra: horrek izan behar du gure eredua, gure subjektu politiko historikoa baita!!
A – Ez!!… Nafarroan euskara ez zen hizkuntza ofiziala, eta ez da Nafar Erregeek nahiz Gorteek eginiko euskal idatzirik gorde. Nafarroa Gaztela edo Frantzia bezain arrotza zen euskaldunontzat…. Erdi Aroan ez zen Estaturik edo herri-konzientziarik, Erregearekiko menpekotasuna baino ez zegoen.
Zenbat aldiz ez ote dugu halako eztabaidak entzun (edo haietan parte hartu) gurean!! Onar dezagun, tabernako eztabaidazale sutsuak gara; beti noragabeko solasaldiak, gure indar urriak etengabean barne-lizkarretan xahutzen dituztenak.
Zer izan behar du guretzat garrantzitsuena, gure nazioa eta Estatua definitzerakoan: hizkuntza ala Historia? Irakurle bakoitzak edukiko du, zalantzarik gabe, kontuari buruz bere iritzia. Baina…. halako “arazoa” edo “zalantza” duen herri edo nazio bakarra al gara? Eta, halako herririk egotekotan, nola konpondu du auzi hau? Are gehiago: “arazo” bat ba al da harentzat?
Izan ere, nor bere burua ikusteko modurik onena harengandik kanpo dagoen ispiluari begiratzea izaten den bezalaxe, besteei erreparatzea izaten da gure burua aztertzeko modurik onena. Ukaezina da ez zaigula gustatzen gure buruari kritika egitea; ikas dezagun, beraz, besteen eredutik….
Eta guregandik uste baino gertuago dagoen adibide bati helduko diogu orain: POLONIAri, alegia. Beltzez eta kursibaz, Polonian ikusitakoa geure egoerarekin konparatzen saiatuko gara.
- Polonia eta poloniera Erdi Aroan
1.1 Etnia eta Estatua
Poloniarrek herri eslaviar bat osatzen dute. Eslaviarren jatorria, dakigunaren arabera, gaurko Ukranian omen dago, eta handik mendebalderantz barreiatu ziren, hunoek bultzaturik eta Erromatar Inperioan sartzen hasiak ziren herri germaniarrei jarraituz.
K.o. VI. eta IX. mendeen artean, haien gaurko esparru geografikoetan kokatu ziren, eta hainbat tributan banandu ziren: horietako bat poloniar tribua zen, Pole (=”Lautada, zabala, ordokia”) hitzetik izena hartu zuena. Bitxia da nola gurean, batzuen ustez, Nabarra hitzaren jatorria antzekoa izan liteken, mendien arteko lautada edo zabal bati erreferentzia eginez.

Mendebaldeko eslabiarrak IX. eta X. mendeetan
(Iturria: http://theancientweb.com/)
Lehenengo ondorioa, beraz, poloniar Estatua sortu baino lehenago, poloniar herri edo etnia bat bazegoela da. Gurean ere, baskoiak baziren Baskoniako Dukerria eta Nafarroako Erresuma sortu baino lehenago. Hau da: garai hartako Polonia eta Baskonia-Nafarroa ez ziren, berez, “Nazio-Estatuak”, gaur ulertzen ditugun moduan; baina baziren “Oinarri Etnikodun Estatuak”, nolabait deitzearren. Aldez aurretik Nazio bat izan ez balitz, Erresuma edo Estatu horiek ez liratekeen jaioko.
1.2- Kristautasuna eta Estatua
Poloniarrek ez zuten idazmena ezagutu, kristautasunarekin harremanetan sartu ziren arte. Honen ondorioz, haien antolaketa politikoaren lehenengo aipamena 966. urtekoa da. Urte horretantxe, Micislao edo Mieszko I.a erregea bataiatua izan zen, era horretan kristau bihurtuz. Gertakizun hau jotzen ohi da poloniar Estatuaren jaiotza gisa; hori bai, garai hartako Poloniaren zabalera gaurko Poloniarena baino askoz txikiagoa zen (Gniezno eta Poznan inguruan baino ez, hain zuzen ere).
Hemen gogoeta batzuk egitea merezi du. Badago ezberdintasun bat, garai hartako poloniarrak, eta baskoien edo euskaldunen artean: baskoiak kristauak ziren ordurako, eta poloniarrak, aldiz, ez. Beste arlo guztietan, aldiz, antzekotasun handiak daude bi kasuen artean.
“Erresuma” bezala egituratzeko arrazoia ez zen barne-dinamika bat izan, atzerritik etorritako egoera bati moldatzeko beharra baizik: Karlomagnok sortutako Inperioak, eta Vatikanoak, batera, bultzatutako paradigma, alegia, Mendebaldeko Erromatar Inperio Kristau bat berpizteko aitzakian.
Ezin da Erdi Aroa ulertu, haren ardatza paradigma hau izan zela aintzat hartu gabe: Europako Mendebaldean ezinbestekoa zen paradigma honen arabera jokatzea, nazioarteko zilegitasuna eta, beraz, iraunkortasuna bermatzeko. Horren aurka bortizki egin zuten herriak (hala nola, gaurko Eki Alemaniako “wendo” edo “sorbio” eslaviarrak, edo Baltikoko kostaldeko prusiarrak) erabat suntsituak izan ziren.
Aintzat hartu behar da, beraz, bai poloniarrak eta baita euskaldunak ere, Inperioak eta Vatikanoak sortutako eremu indartsu eta erasokor baten mugetan bizi zirela[1]. Zer egin, ataka latz horretan? 3 aukera baino ez ziren: amore eman, hil arte borrokatu, ala erdibide bat aurkitu. Hots, Europa Mendebaldeko moldeen araberako egitura bat sortzea, baina bertatik antolatua. Hauxe izan zen bai poloniarrek eta baita baskoiek-euskaldunek ere hartu zuten erabakia, eta honek haien bizi-iraupena ahalbidetu zuen.
Batzuek zalantzan jartzen dute prozesu hau, arrotza bailitzan; baina zein testuingurutan kokatu zen ulertu behar da, eta garai hartako molde politikoen arabera epaitu; ez gaurko molde politikoen arabera.
Gaurko poloniarrek ez dute inongo kontraesanik ikusten Herritik/Naziotik Erresumara emandako jauzi honetan, eta jarraikortasun historikoaren kontzientzia ez dute galdu. Zergatik galdu ote dugu guk?
1.3- Hizkuntza eta Estatua
Kristautasunarekin, beraz, idazmena iritsi zen Poloniara, elizgizonen eskutik: hauek latinez idazten zuten, eta, XIII. mendera arte, atzerritarrak ziren gehien bat. Garai honetan (Poloniar Erresuma jadanik indarrean zegoelarik) leku-izen eta pertsona-izen batzuk baino ez dira agertzen polonieraz, Erregearen agiri batean eta Aita Santuaren 2 Buldetan.
Gurean gauza bera gertatu zen garai hartan, Europako beste muturrean egon arren: Akitania edo Lergako inskripzioak (Pertsona-izenak), Donemiliagako Glosak (IX-X. mendekoak; esaldi solteak), San Millango “Reja” delakoa (1025; herri-izenak), Codex Calixtinus-eko hiztegia (XII. mende hasieran) eta beste adibide gutxi daude, non euskararen arrasto idatzia agertzen den.
Ulertu behar dugu hizkuntza idatzia ez zegoela, garai hartan, Erresumen eskuetan, eliz-gizonen eskuetan baizik, eta, garai hartan Europan nagusi zen eta aipatu dugun paradigma horretan, latinaren nagusitasuna ezin zela zalantzan jarri. Hori Polonian gertatzen zen, eta Nafarroan ere. Baina poloniarrek ez dute hor kontraesanik ikusten, bere testuinguruan kokatzen baitute; hemen, aldiz, askok ez du argi ikusten: zergatik?
XIII. mendean, lehen poloniar jatorrizko eliz-gizonak agertzen dira, eta bai mende honetan eta hurrengoan ere, fededunentzako otoitz eta sermoi gutxi batzuen lehen itzulpenak aurkitzen ditugu. Lehenengo adierazpen profanoa ere aurkitzen dugu, 1270. urteko “Enrikeren Liburua”n: bi polonierazko esaldi dira, nekazari bat eta haren emaztearen artean. Zertxobait geroago (XIV. mendean), polonierazko lehenengo testu idatzia (hots, itzulpenik izan gabe) daukagu: Bogurodzica (“Jainkoaren Ama”, alegia) Kantua.
Poloniar Erresumak jadanik 200 edo 300 urte izan arren, beraz, poloniera nekazariekin lotzen zen, eta haren lehenengo adierazpenak sermoi erligiosoekin lotzen ziren: antzeko zerbait gertatzen zen euskararekin garai hartan.
Erdi Aroan, beraz, idazmena ia-ia eliz-eremuetara mugatzen zen, eta latina zen idatzitako hizkuntza bakarra, jadanik zabaltzen eta indartzen ari zen Poloniar Estatu bat bazegoen ere, Iruñeko Erresuma/Nafarroarekin gertatu zen bezalaxe.
Aintzat hartu behar da ere, XII. mendeaz geroztik, eta Poloniar Erresumaren zatiketa bat tarteko, hainbat alemaniar kolono ezarri zela sortu berriko hiribildu edo “burgo”etan, bertakoengandik aldentzen zuten abantailei esker: honek areagotu egin zuen poloniera “nekazarien hizkuntza”-tzat jotzeko joera.
Gurean ere, 1076. urteko Iruñeko Erresumaren konkista eta zatiketaren ondoren, hainbat kolono “franko” ezarri zen, batez ere, Donejakue Bidean. Poloniaren antzeko modu batean gertatu zen, bertako biztanlego euskaldunaren kaltetan. Arestian aipatu dugun paradigma hori ezartzeko tresna izan ziren, beraz, alemanak Polonian eta frankoak Nafarroan, kolonizazioaren bitartez. Zergatik gertatu zen gauza bera, Europa Mendebaldeko bi muturretan?
Bitartean, arlo politikoan, Poloniar Estatua haren hasierako eremu txikitatik atera zen, eta Baltikoraino iparraldean eta Karpato mendietaraino hegoaldean zabaldu zen, gaurko Ukrainan eta Bielorrusian sartuz. Era horretan, beste herri edo nazio batzuk hartu zituen bere baitan, jatorrizko poloniar herriaz landa.
[1] Konturatuko zaretenez, eremu horrek 3 zutabe zituen: gaurko Frantzia, gaurko Alemania, eta Vatikanoa-Italia. Bai, gaurko Europar Batasunaren 3 zutabe berak; ezin ahaztu Erromako Hitzarmena izan zela EB-ren abiapuntua, eta Karlomagno Saria dela -ustez- Europaren alde eginiko lana aitortzen duen saria.
Izan ere, diskurtsoan askotan, erreferente gisa, greziar demokraziara jotzen bada ere, Europar egitasmoak ez du horrekin zerikusirik. Aldiz, gaurko Europar Batasuna Mendebaldeko Erromatar Inperioa berpizteko asmo horren bilakaera bat baino ez da, non ekonomiak erligioa ordezkatu duen barne-itsasgarri bezala.
Garai hartan bezalaxe, gaur Europako beste herri eta Estatuek, ezinbestean, “eremu” horrekin nola jokatu erabaki behar dute (Bertan sartu? Ez sartu? Nola sartu?); eta, bitartean, Europar Batasunaren barruan, eskubidez eta hitz politez jositako diskurtso ofizialaren atzean, inposaketa eta bidegabekeri asko ezkutatzen dela ageri da.
Bitxia da nola Historia amaigabean errepikatzen den….
-Iñigo Larramendi-
Tagged: Codex Calixtinus, Euskara, Nafarroa, Polonia, San Millán de la Cogolla
Utzi erantzun bat