POLONIA, NAFARROA ETA EUSKARA (II)

Tadeusz Kościuszko (Jatorrria: wikimedia.org)

2. XV.-XVI. mendeak: Poloniar hizkuntzaren egonkortzea

1440an poloniar ortografiaren inguruko lehen tratatua agertu zen -Jakub Parkoszowicek latinez idatzitakoa-, eta XV. mende amaieran polonieraz idatzitako lehenengo akta juridiko eta liburu judizialak. Poloniera, beraz, poliki-poliki, eta Errenazimenduaren testuinguruan, hizkuntza jantzia bihurtzen hasten da, eta erligio mundutik arlo ofizialera eta zuzenbidera pasatzen da.

Baina polonieraz idatzitako lehenengo liburua ez zen 1543. urtera arte iritsi, apaiz protestante batek -Mikolaj Rej (1505-69) alegia- idatzitakoa.

Datu hau ere adierazgarria da: izan ere euskaraz idatzitako lehenengo liburua, 2 urte geroago baino ez zen idatzi, oraindik ere aske zen Nafarroan (Linguae Vasconum Primitiae, 1545); eta hurrengo liburu nagusia protestante batek -Polonian bezala, oso katolikoa zen herri batean- idatzitako liburua da: Joannes Leizarragaren Testamentu Berriaren itzulpena (1571), hain zuzen ere. Kasualitate hutsa? Edo nazioarteko testuinguruari erreparatu behar zaio gure hizkuntzaren errealitatea ulertzeko?.

Linguae Vasconum Primitiae liburua Bernat Etxeparek idatzi zuen 1545ean (Jatorria: eitb.eus)

 

Honaino, euskara eta poloniera, Nafarroa eta Poloniaren arteko parekotasunak ugariak eta handiak dira. Hemendik aurrera, aldiz, gauzak aldatuko dira. Zergatik?

Lehenik eta behin, 1512an eta 1620an Nafarroa Espainiak eta Frantziak konkistatua izan zelako: gainbehera politikoa hasten da, eta, horrekin batera, euskararen bazterketa eta atzerapena.

Poloniak, aldiz, 1569an, Lituaniarekin batera Elkargo bat sortu zuen, era horretan Europa osoko herrialderik zabalena bihurtuz. 1619an milloi bat Km2-ko zabalera zeukan (gaurko Espainiar Estatuaren bikoitza), eta bere baitan poloniarrak, lituaniarrak, alemanak, juduak, armeniarrak, ukraniarrak, bielorrusiarrak, tartaroak…. bizi ziren.

Polonia eta Lituaniaren arteko elkargoaren 1635eko mapa (Jatorria: wikimedia.org)

Estatuaren buruan hautazko erregeak ziren, Biltzar baten kontrolpean (Sejm), non, nobleziaz aparte, udal batzarrek ere parte hartzen zuten. 200 urtez, tolerantziazko eredua izan zen hau Europa osoan, eta poloniar literaturaren lehenengo “Urrezko Mendea” ahalbidetu zuen, babes politikoa eta inprentaren laguntzari esker.

Bitartean, euskarak ez zeukan hura babes lezaken egitura politikorik…

3. XVII.-XVIII. mendeak: Poloniaren gainbehera eta zatiketa

1648tik aurrera, gauzak zeharo aldatu ziren: barne anarkia zabaldu zen Polonia eta Lituaniaren Elkargoan, eta, bitartean, auzoko erasokorrak (Suedia, Austria-Hungria, Prusia, Errusia) indartu ziren. Gero eta presio handiagoan, atzera egiten hasi zen Elkargoa, eta, azkenik, Austriak, Prusiak eta Errusiak Polonia-Lituania banatu zuten haien artean, 1772an, 1793an eta 1795an: Nafarroari gertatu zitzaion bezala, Polonia erabat desagertu zen, Estatu aske bezala.

Polonia-Lituaniaren banaketa (1772-1793-1795) (Jatorria: Wikipedia)

Nafarroarekin gertatu zen bezalaxe, konkistatzaileek barne zatiketak pizten saiatu ziren (1792an Poloniar haundiki batzuek Errusiako Katalina Handiaren inbasioa eskatu zuten, Harotarren edo Lerindarren antzera), eta konkista ez zen erresistentziarik gabekoa izan: ospe handia izan zuen Estatu Batuetako Independentzia Gerran aritutako Tadeusz Kósciuszkok 1794an deitutako matxinada, gaur Poloniako herri eta hiri guztietan oroitzen dena.

Albretarren Nafarroarekin gertatu zen bezalaxe, baina, azken urteetako Polonia askeak hobekuntza handiak bultzatu zituen gizartean eta hezkuntzan, eta 1791ean Europako lehenengo Konstituzioa onartu zuen.

Harrezkero, Errusia eta Prusiaren menpeko lurretan poloniar hizkuntzaren aurkako errepresio latza piztu zen; baina Austriaren menpekoan -Krakoviaren inguruan-, aldiz, tolerantzia handiagoa izan zen, eta honek poloniar literaturaren bigarren “Urrezko Mendea” erraztu zuen, oso aldarrikatzailea izan zena, XIX. mendean zehar.

Polonian, beraz, nortasun politikoaren deuseztatzearekin batera, hizkuntza bihurtu zen batasun tresna, Europa osoan gertatu zen bezalaxe, eta Pirinio hegoaldeko euskal lurraldeetan gertatu zen bezalaxe, Foruak indargabetuak izan zirenean. Baina poloniarrek ez zuten sekulan ahaztu aske izan zirela…. 1918an haien independentzia berreskuratu zuten arte, Estatu berriaren mapa iraganeko mapa berdina ez ba zen ere.

Poloniako 1931ko mapa (Jatorria:wikipedia.org)

Poloniarrek argi daukate: haien hizkuntza eta haien iragan politikoa haien nortasunaren ezinbesteko osagaiak dira, elkarri oztopatu gabe. Euskaldunok/nafarrok, aldiz, ez: zergatik?

4. Gogoetarako aipamen batzuk…

1) Errusia, Austria eta Prusiaren Hiru alderdiko Hitzarmena (1796/01/12): “Poloniako erresuma izanaren oroimena ekar lezaken guztia ezabatu behar da”.

2) Poloniako Historiari buruzko liburu batean: “Bi Polonia egon dira, gutxienez […] Bi Polonien arteko loturak, 1795 aurrekoa eta 1918 ondorengoa, hautsezinak dira. Poloniarrek beti haien iragana eraberritu behar izan dute, besteak beste, hura kentzeko egindako eraso sistematikoengatik.”

3) Iruñeko Elizbarrutiaren Kapitulua, 1539an apezpiku berria aukeratzerakoan: apezpiku euskalduna hautatzea eskatu zuen, zeren eta era horretan “será obedecido por los súbditos por ser natural del país, y porque la gente vascongada, que es la mayor parte del reino, ama sobre todas las naciones su naturaleza y lengua”. Karlos V.ak, apezpikuak aukeratzeko eskumena zeukana, Aita Santuak hala onartu ziolako, Toledoko apezpiku bat izendatu zuen.

-IÑIGO LARRAMENDI-

Tagged: , , , , , , , , , ,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

%d bloggers like this: