“PAX AVANT”, edo gure nortasunaren bahiketaz (eta II)

Gogora dezagun hitzarmen hau sortu zen unean, noiznahi, mende asko falta zirela eremu hori Espainia eta Frantziaren arteko muga bihurtu arte, edo Foix leinuarenpean errege berdina eduki zutela bi ibarrek XV. mendean, eta 1512-ko konkistara arte. Bi Estatuen arteko liskarrek ere, behin baino gehiagotan, kolokan jarri zuten hitzarmena.

Hala ere, gaur ikus dezakegu Baretosekoek hiru koloretako Frantziar bandera soinean daramatela (Erronkariarrek, zorionez, ohizko jantziei eusten diete), behin baino gehiagotan “espainarrak eta frantsesak” aipatzen dituztela, edo jatorrizko biarnesa (Frantziar Iraultzera arte, eremu honetako lingua franca zena) eta uskara (hala esaten zioten euskarari Erronkarin) nekez agertzen direla, frantzesa eta gaztelerarekin aldean. Salbuespen bakarrak, Pax Avant esamolde “arkaikoa”, eta Izabako alkateak Ongi etorri-Onki xin sarreran eginiko agurra.

Gure herrian milaka aldiz konkistatzaileek erabilitako jokabide baten islada baino ez da hau: pentsa zure herriko jai, armarri edo ikurrez…. Hots, zapaldutako herriak sortutako jaien, izenen edo ikurren azala errespetatu, baina haien mamia konkistatzailearen nahien arabera moldatu, zuzeneko inposaketaren bidez edo lekuan lekuko kolaboratzaileen laguntzaz, jatorrizko esanahia zeharo ezabatu arte. Beste hitzetan esanda, nortasunaren bahiketa.

Gure herriaren izenaren inguruko eztabaida ditxosoari erreparatzen badiogu, mekanismo honen eragina ere somatuko dugu. Izan ere, gaur Navarra/Nafarroa edo Euskadi bi Espainiar Elkarte Autonomoen izenak baino ez dira jende gehienarentzat (abertzale askorentzat ere) eta hedabideetan. Gauza bera gertatzen da Nafarroako banderarekin eta Aranatarrek asmatutako ikurriñarekin. Euskal Herria hitza, bestalde, lurraldetasun finko batekin lotzen ohi da gaur, jendarteko dinamiko batekin baino gehiago, eta ez duela hainbeste urtetatik hona (pentsa “Euskadi Ta Askatasuna” esaten dela, eta ez “Euskal Herria eta Askatasuna”…).

Hitz eta ikur hauek jatorrizko esanahi berdina ba al daukate gaurkoan? Zergatik izan da bilakaera hori? Noren aldekoa izan da? Zer da garrantzitsuagoa, erabilitako izena edo haren azpiko esanahia? Pairatzen dugun ezadostasun hau ez al da amaigabeko bahiketa honen ondorioa, hitzak bata bestearen atzetik hustutzen bait dizkigute?

Argi dago deskonkista itzela egiteke daukagula, eta horren inguruan hemen hausnartzea gehiegizkoa izango litzatekeela… baina, alkoholismoarekin bezalaxe, sendatzeko urratsik garrantzitsuena arazoaz ohartaraztea izaten da, ezta?

Ez gaitezen, baina, ezezkorrak izan, adierazle positiboak ere badira eta: Erronkaribarreko soziologia politikoa aldatzen ari dela ematen du aspaldi honetan, euskara gora doa…. Espero dezagun, denborarekin, honek eraginik izatea. Bitartean, oraindik gutxi badira ere, batzuk hemen zer ospatzen den erakusten hasiak dira jadanik:

(Argazkia: Iñigo Larramendi)

Hiru Behien Zergaren inguruan ospatzen den ekitaldiaren beste ikuspuntua (Argazkia: Iñigo Larramendi)

Ea datozen urteetan aldarrikapen hau gero eta oihartzun handiagoa hartzen duen; bertan zegoen entzulegoari erreparatuta, espero baino gehiagok txalotuko lukeelakoan nago…

(Argazkia: Iñigo Larramendi)

Jendetza izugarri bat bildu zen Pirinioetan (Argazkia: Iñigo Larramendi)

Hala bedi!! Bitartean, topa dezagun eta… PAX AVANT!!

Sakatu hemen aurtengo ekitaldia ikusteko (idazleak egindako bideoa)!

-Iñigo Larramendi-

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

%d bloggers like this: