Joan den uztailaren 13an, igandea zela ikusita, eta iragarritako eguraldi bikainak bultzatua, gehienok buruan gordetzen ohi dugun “Eginbehar zerrenda” luze horretan “X” bat jartzea erabaki nuen. Bai, aurten lehenengo aldiz “Hiru Behien Zerga” zuzenean ikusiko nukeela esan nion nere buruari… ta esan eta izan!
Onartu behar dut aitzaki askoren beharrik ez daukadala Pirinioko txoko zoragarri horretarantz abiatzeko, baina aurtengoa apartekoa zen. Haur koskor baten ilusioz, beraz, bertan paratu nintzen, Erronkari, Baretos eta Zuberoa ibarren arteko sabai horretan, Arlas eta Auñamendiren itzalean; Ernaz edo San Martinen Harriaren mendatean edo bortuan, alegia.
Gertuko Ansoibar ere hartuz gero, lau administrazio baina kultura bat: ez agian 19. mendean ezarritako irizpideen arabera, baina bai, finean, bertako irizpideen arabera. Izan ere, kultura hori bazegoen hor, gaur nagusi diren muga horiek ezarri baino askoz lehenago. Bai, mugak nagusi dira oraindik, mugagileek “mugarik gabeko munduan” bizi garela esan arren…. beti bezala, zozoak beleari ipurbeltz!!
Ez naiz luzatuko gertakizun ospetsu honen jatorriari buruzko teoriekin, edonork bila bait ditzake, eta, antzeko usadio gehienetan bezala, mende asko geroago idazten ohi direlako, normalean momentuko egoera bat (edo interes bat) sustatzearren.
Aipagarria da, aldiz, nola haren lehenengo idatzizko aipamena 1375. urtekoa den, eta bertan jadanik aspaldiko kontua zela esaten den. Ez da sekulan aitortu, halaber ere, ibarretatik kanpoko inongo aginterik haren sorreran: errege, konde edo buruzagi ezberdinek ez zuten sekulan zalantzan jarri ekimena herriak berak sortutakoa zela, eta ez haien iraganeko arbaso baten ekimenez.
Agerizkoa da, beraz, ohituraren sustraia Pirineotako bi magaletan bizi izan diren herri eta ibarrek mendeetan garatutako berezko kultur politikoa dela. Hau da, beren arazoak eta lizkarrak kudeatzeko eurek sortutako eta jardutako irizpideak, legeak eta prozedurak, partekatu beharreko baliabideak elkarrekin eta menpekotasunik gabe kudeatu ahal izateko. “Modernoek” honi orain soberanía compartida esaten diote, haiek asmatu izan balute bezala…
Nabaria da, baina, nola muineko esanahi hau bi Estatu ezberdinen arteko mugaz bestaldeko bailaren arteko akordioaren paradigmarekin ordezkatu nahi izan den, eta nahi izaten den gaur. Horren adibideak, San Martinen Harriak, ustez, Karlos Martelek 732. urtean kokatu zuela dioen kontakizuna (hots, nazioarteko muga hori patu istorikoaren ondorioa dela), edo 1571. urtean Esteban de Garibay-k (Felipe II.aren kronista, eta paktismoaren teoriaren sortzaileetako bat) egindako deskribapena, non Baretostarrak, behin da berriro, frantsesak bezala izendatzen dituen, Nafarroako konkista garaian Erresumaren askatasuna defendatzen zutenekin egiten zen bezalaxe.
-Iñigo Larramendi-
Utzi erantzun bat