HERRIEXISTENTZIA KRONIKA (BELOAGAKO GAZTELUA)

Lainotuta daude Oiartzun eta inguruak. Hamarrak aurretik jendea biltzen ari gara, zahar eta gazte, hego eta iparretik. 80 bat lagun elkartu gara, eta bideari ekiteko prest gaude, ikurrak eskutan: nafarra eta ikurriña. Izanaren lekuko, lehena; izateko gogotik sortua, bigarrena. Berriz izateko, burujabe eta oso. Hori dugu helburu Herriexistentziara batu garenok: berriz izateko bidea egitea.

Joxe Marik gidatu gaitu gaurko bidean, lekuen azalpen historikoak emanez. Urkabera jo dugu lehenik, gora eta gora beti, karlistadetan liberalek erabilitako muinora. Artean ez zen Bidasoan aduanarik.

Gurutze auzora jo dugu ondoren, Arkale harkaitzetara. Andrearriagako hilarri batekin egin dugu topo: zaldun bat eta oinezko bat ageri dira marraztuta, eta VALBELTESO/NIS idazkia, ustez Val(erius) Beltesonis adierazten duena: erromatar buruzagi baskoia. Euskaldunok gerraren artea ikasi genuen erromatarrengandik, beren indar militarren parte izanaz. Horri esker iraun genituen ondorengo hainbat eta hainbat eraso: godoak, frankoak, arabiarrak…

Pista utzi eta gaztainondo basoan gora ekin diogu bidexka batean. Frankistek agindu eta esklabuek eraikitako begiratoki bat ere erakutsi digu, Arkale alborik albo zeharkatzen duena. Inguruko bunker guztiak koordinatzeko zentroa litzateke, Bidasoaren bestaldetik nazionalista-errepublikarrak itzuli izan balira.

Berehala heldu gara gailurrera, eguzkiak tartea ireki ahala. Azken 10 urteetan Joxe Mari eta lagunek auzolanean bistaratutako Beloagako gaztelu nafarrean gaude. Azpian doan Santiago bidea gainbegiratzen zuten bertatik. Gaztelarren 1200eko konkistan erori zen. Aurrean ditugu Hondarribi, Irun eta Hendaia. Ez da muga arrotzik ikusten, baina hor da, gu zatikatzen. Gaztelu izan zenaren sarreran bildu gara eta Pantxixek hiru kanta eskeini dizkigu. Hekthorrek alboka jo digu, Olivierrek harrizko oroitarria ezartzen duen bitartean. EUSKAL HERRIAK INDEPENDENTZIA · HERRIEXISTENTZIA dio, eguzkilorea eta ilargia inguratuz. Iñakik luzatu digu hitza, oraindik ere samina eragiten digun bortxaz, Igor gogoan; eta iraganaren orainerako balioaz. Horregatik gaude hemen, gure memoria leku honetan: 1200, 1833/72, 1936. Defentsan beti, erresistentzian. Bizirauteko borrokan, memoria eta motibazioa bat eginik. Gogoak horretaratxe bultzatuta aldarrikatu dugu Euskal Herri askea, Nafarroa osoa.

Izan gogo gara. Eta gose ere bai. Gurutze auzora bueltatu gara, Asierrek gertatutako bazkariaz ase eta konpainia onean solasteko. Oierrek Auzaskia ekimena aurkeztu digu, dastatzeko gazta zati bat mahaigaineratu, eta beste bat opari emanez. Bere pisura gerturatu denak eskuratu du gazta: herrian geratu da. Esker onez.

Iñaki, Herriexistentziaren baitatik.

Tagged: , , , , ,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

%d bloggers like this: