Azken egun hauetan, euskaldunon balizko jatorriari buruzko bi teorien ildo nagusiak entzuteko aukera izan dugu. Biak irizpide zientifikoetan oinarriturik daude; eta ez dut nik hau zalantzan jarriko, baina…
Lehengoa, ETB-1eko saio berri batean agertu zen, eta jadanik aski ezaguna zen teoria da: “euskalduntze berantiarra” delakoa, alegia. Teoria honen arabera, euskaldunon jatorria Piriniotako ipar izurialdean dago. Hain zuzen ere, gaskoierazko Sant-Bertrand de Comenge inguruko eskualdean (Comminges, frantsesez; Erromatarren garaian, Lugdunum Convenarum izenekoa). Teoria honen arabera, Erromatar Inperioaren azkeneko urteetan, eta herri barbaroek bultzatuta, mendebalderantz zabaldu ziren garai hartako euskaldunak edo baskoiak.
Teoria honen oinarri nagusiak hauexek dira:
1) gaurko EAE-ko mendi eta ibai nagusien izenak ezin dira gaurko euskaraz ulertu (Gorbeia, Anboto…), eta haietako batzuk agerizko zeltiar jatorria daukate (Deba, Nerbioi….)
2) Comenge eskualdean euskal kutsu nabarmena duten Erromatarren garaiko izkripzio ugari agertu dira, eta gaurko EAEn, aldiz, bat ere ez (Iruña-Veleiako grafitoak egiazkoak ez diren bitartean, noski). Izan ere, gaurko Zazpiak Bat delakoan agertutako izkripzio bakarra ekialdeko muturrean dago, Zuberoako Madalena baselizan, Atharratze eta Barkoxe artean.
3) Aldaieta eta beste aztarnategi batzuetan aurkitatutako hilobiak baskoi hauen hilobiak izango lirateke.
EHU-Euskal Herriko Unibertsitateko (benetan EAEkoa baino ez bada ere…) katedratiko multzo bat da teoria honen sustatzaile nagusia.
Bestalde, eta denbora bertsuan, Uppsalako Unibertsitateko ikertzaile talde batek Atapuerkako aztarnategian aurkitutako hezurretan oinarritutako ikerketa genetiko baten emaitzak argitaratu dituela ere jakin genuen. Ikerketa hori egiteko, duela 5.000-3.000 urtetako 8 lagunen hezurrak erabili zituzten, eta, besteak beste, inguruko gaurko biztanleekin konparatu zituzten.
Hona hemen ikerketa honekiko esteka:
Ikerketaren arabera, 8 lagun hauen genoma Europa osoan barreiatutako nekazarien eta ordura arte bertan bizi ziren biltzaileen arteko uztarketa da, eta, gaurko Europarren artean, “modern-day Basques”-ekin omen daukate harremanik estuena, genetika aldetik behintzat.
Ikerketan ez dute zehazten nortzuk eta nongoan diren “modern-day Basques” horiek…. gehigarrietan esaten duen gauza bakarra zera da: “both people living in the Basque country, País Vasco, and self-identifying Basques from France and Spain” (sic), eta ondoren “Spanish Basques, French Basques and people from Pais Vasco” (inork ba al daki Espainia edo Frantziaren menpe ez dagoen “Pais Vasco” hori zein den?).
Baina baskoiak ez baziren Erromatar Inperioaren amaierara arte (K.o. IV-V-VI. Mendean?) gaurko Pais Vasco-rantz mugitu, nola liteke 5.000 urte lehenago Atapuerkan baskoi horien aztarna genetikoak agertzea?
Ikuspegi zientifiko batetik, bi teoriak nekez bateratu daitezke. Atapuerkako jendea bapatean Akitaniara joan zen eta gero mendebaldera itzuli? Atapuerkako jendea eta Comengeko jendea erlazionaturik zeuden, baina tarteko lurraldearen gainetik jauzi eginez? Zergatik agertzen ote dira garai bateko Atapuerkatarren eta gaurko Basque-n arteko loturak? Ez dakit, ez naiz gehiago sakontzeko gai. Baina oinarrizko logika batek dio bi teorietako batek (edo biek) oker egon behar duela.
Hor utziko dut. Nere ustez, denok hauxe aitortu beharko genuke: askoz gehiago da gure iraganari buruz ez dakiguna, dakiguna baino. Puntu honetatik abiatuta, teoria guztiak ongi etorriak dira. Baina apaltasun haundiz bota beharko genituzke, normalean oso oinarri gutxiren gainean eraikitzen baitira. Eta estatistikaren lege nagusi batek dioen bezala, ondorio sendoak ateratzeko lagin handiak behar dira.
Beste kontu bat: ezin dira oraingo mapak eta errealitate politikoak iraganera bere horretan eraman. Momentu bakoitzeko errealitatea momentu horretako baldintzen arabera epaitu behar da, eta ez gaurkoan ditugun baldintzen arabera. Ikerketa askotan, aldiz, apur bat nahasiz gero -zeharka bada ere- oinarrizko premisetan gaurko konzeptuak agertzen direla sumatzen ohi da.
Agurtu baino lehenago, ezin dut gogoeta bat saihestu. Gai hauen inguruan jarduten delarik, erantzun bat askotan entzuten da: “nik ez dut historiarik behar naizena izateko”. Bai, progre izaten da hori esatea; izan ere, historia nostalgikoen kontua omen da, eta ez gizarte arazoei lehentasuna ematen dietena. Bi gauzak kontrajarriak izango balira bezala….
Iritzi erabat errespetagarria da hori, nola ez. Arazoa da gure historiaren inguruan oso hedatuta dauden ezjakintasunak eta interesik ezak, eta egun dugun geldialdi politikoak arrazoi bat bera daukatela: nortasun ahulezia, alegia.
Izan ere, nortasun sendoa daukan herri batek ez dauka ez beldurrik, ezta konplexurik ere, ez bere historiaz modu zientifikoan jabetzeko, ezta ere haren etorkizuna bere indarrez gauzatzeko.
Veritas liberabit vos. (Jn 8,32)
– Iñigo Larramendi –
Utzi erantzun bat