Sonsierra Ezagutuz

01

Joan den  uztailaren 5ean, Azpeitiko LAGUN ONAK Mendi Bazkunaren eta Zestoako AGIRO Mendi Elkartearen eskutik, egun ezin hobea pasatzeko aukera izan genuen, San Vicente de la Sonsierra eta Bastida herriak ezagutuz.

Egunari hasiera emateko, San Vicenteko gaztelura igo ginen. Agian Nafar Erresumaren mendebaldeko gotorlekurik onena dena bisitatu baino lehen, gure bisitariek eskualdearen historiari buruzko zertzelada nagusiak jaso zituzten, Gasteizko MARTIN TTIPIA Kultur Elkartearen lagunengandik.

Bisitariak, Sonsierrari buruzko azalpenei adi  (Iturria: www.lagunonakmb.org).

Bisitariak, Sonsierrari buruzko azalpenei adi (Iturria: http://www.lagunonakmb.org).

  1. ZERGATIK “SONSIERRA”?

Ebro ibaiak eta Kantabriako mendilerroak -”sierra”, alegia- mugatzen duten eskualdearen izen zaharrari eutsi dion herri bakarra da San Vicente: “SONSIERRA”; hots, “Mendipea”….edo, osorik esateko, “SONSIERRA DE NAVARRA”, horrela agertzen baita aspaldiko agirietan.

1769ko mapa honetan, oraindik "Sonsierra de Navarra" izenak irauten duela ikus daiteke (Iturria: www.zonu.com).

1769ko mapa honetan, oraindik “Sonsierra de Navarra” izenak irauten duela ikus daiteke (Iturria: http://www.zonu.com).

Izan ere, izen hau zeukan eskualde osoak, gutxienez Gatzaga Buradonetik Bianara, Nafar erresumaren barnean egon  zen bitartean. Nafar erresumaren konkistak eta haren ondorengo lurralde antolaketak eragindako zatiketaren ondorioz, jatorrizko izenak garrantzia galdu zuen, eta gaur egun ez dago eskualdea bere osotasunean hartzen duen izen ofizialik.

Sonsierra eta inguruko herriak (Iturria: www.googlemaps.com)

Sonsierra eta inguruko herriak (Iturria: http://www.googlemaps.com)

Gaurkoan herri gehienak Arabar Errioxa izenarekin ezagutzen ditugu. Izen hau XVI. mendetik aurrera zabaldu zen, Guardia eta Bastidaren menpeko herriak -gaurko udalak ez ziren XVII. mendera arte sortu- XV. mende amaieran Arabako “Hermandad” (gaurko Arabako Lurralde Istorikoaren aitzindaria, alegia) delakoan sartu eta gero.

Gaur ikusten ohi dugun Arabar Errioxaren mapa, San Vicenteko hutsune nabarmenarekin (Iturria: http://www.rutadelvinoderiojalavesa.com)

Kanpoan geratu ziren, baina, Briñas, San Vicente de la Sonsierra eta bere herrixkak (Ábalos, Peciña, Rivas de Tereso) -gaur Errioxako Elkarte Autonomoan-, eta Biana eta Aras -gaur Nafarroa Garaian-. Momentu batean edo bestean eskualde honekin ere lotuta egon ziren Los Arcos (Nafarroa Garaia) edo Bernedo (Araba) eta Marañón (Nafarroa Garaia) inguruko lurraldeak bestelako bideak jarraitu dituzte mendeetan. Gogoratu behar dugu mendilerroa, eta haren gailurretan zegoen gaztelu lerroa, Lizarraraino luzatzen zela: izan ere, Lizarra zen Nafar hegomendebaldeko giltza nagusia.

Iturria: nabarlur.blogspot.com

Iturria: nabarlur.blogspot.com

Beste hainbat lekutan gertatu den bezala, beraz, hemen ere lurralde zatiketak nortasun zatiketa ekarri duela ikus dezakegu. Baina….nola gertatu zen hori?

  1. HISTORIA APUR BAT

2.1- Hastapenak

Arkeologiak oraindik zer esan asko badu ere, argi dago aspalditik bizi zela jendea “Sonsierra” izango zen honetan: trikuharri ugariek, edo “La Hoya” eta “Castejón” bezalako aztarnategiek hala erakusten dute.

"La Chabola de la Hechicera" edota "Sorginetxe" trikuharria, Elvillar/Bilarren (Iturria: www.kultura.ejgv.euskadi.eus).

“La Chabola de la Hechicera” edota “Sorginetxe” trikuharria, Elvillar/Bilarren (Iturria: http://www.kultura.ejgv.euskadi.eus).

Badirudi, hala ere, gorabehera haundiak gertatu zirela biztanlego horren garapenean, eguraldi eta laborantza aldaketak nahiz gizarte aldaketak direla eta: aintzat hartu behar dugu ardogintza finkatu arte, orokorrean, lurralde lehorra eta urria zela hau, eta aspaldidanik hainbat jenderentzat pasabidea izan dela.

2.2- Sonsierra eta Iruñeko Erresuma

Gaur dakigunaren arabera, gaur ezagutzen dugun herri sarea X. mende inguruan osatzen hasi zen. 908. urtean lurralde honen atea den Deio edo Monjardineko gaztelua Nafarroako Sancho Garcés I.aren eskuetan gelditu zen -Arnedo eta Tutera hiri nagusitzat zituzten Banu Qasitarren eskuetan zegoen ordura arte-, eta ondorengo urteetan Ebro ibaiaren ertzetan Iruñeko Erresumaren nagusitasuna finkatu zen.

Berdez, Antso Garces I.ak Erresumari gehitutako lurraldeak (Iturria: http://blogs.ua.esreinonavarra.com).

Berdez, Antso Garces I.ak Erresumari gehitutako lurraldeak (Iturria: http://blogs.ua.esreinonavarra.com).

Hurrengo 200 urtetan Erresumaren ibilbide istorikoarekin bat egin zuen eskualdeak, eta ez zen bertan inongo mugarik izan. Halaber ere, toponimia eta inguruko euskaltasuna aintzat hartuta (Araba, Lizarrerria eta Errioxa Garaiko eskualde gehienak euskaldunak ziren, zalantzarik gabe, garai hartan), euskara ere errealitate horren osagaia izan zela esan dezakegu.

2.3- Mugaren eraketa

Aldaketak 1135. urtean hasi ziren, Londreseko Itunak dioenez “por la fidelidad probada de sus moradores naturales” Erresumak bere independentzia berreskuratu zuenean, 60 urtez Aragoi eta Gaztelaren menpe egon ondoren. Aita Santuak aitortzen ez zuen erabaki honi erantzunez, Gaztela eta Leoiko Alfonso VII.ak ordurarteko Erresumaren hegoalde osoa bereganatu zuen -izan ere, Zaragozaraino ailegatu zen-, eta harez geroztik hasi zen Sonsierra muga bihurtzen.

Tirabira hauek gorenera iritsi ziren Antso Jakitunaren erregealdian (1150-1194), Gaztela eta Nafarroa Ebro ibaiaren bi aldeetako herri batzuren inguruan gatazkan hasi zirelarik. Beren egoera egonkortzeko, herri nagusiei Foruak ematen hasi ziren bi erregeak: Guardiari 1164an edo San Vicenteri 1172an Nafarroaren aldetik; Cihuriri (”Zubi-uri”, alegia) 1168an edo Miranda de Ebrori 1177an Gaztelaren aldetik, besteak beste.

Nafarroako Erresuma Antso Jakitunaren erregealdian (Iturria: http://historiadenavarra-nafarroa.blogspot.com.es).

Nafarroako Erresuma Antso Jakitunaren erregealdian (Iturria: http://historiadenavarra-nafarroa.blogspot.com.es).

1177an aipatutako Londreseko Itunak, ustez, bi erresumen arteko pake egoera bat ezarri behar bazuen ere, ez zen halakorik gertatu. Inguruko herri batzuei Forua eman ondoren (Santo Domingo de la Calzada eta Harori 1187an, Navarreteri 1195an), 1199an Gaztelako Alfonso VIII.ak Nafarroaren mendebaldeari eraso egin zion, Araba, Gipuzkoa eta Durangaldea bereganatuz. Sonsierran, mendebaldeko muturra -Buradon Gatzaga, Bastida eta Briñas- eskuratu zuen, baina ezin izan zen San Vicenten gailendu.

2.4- Muga egunak

Hurrengo 250 urtetan, beraz, San Vicente Nafarroako Erresumaren lehenengo harresia izan zen Gaztelaren kontra, eta Ebro ibaia zeharkatzeko zubi handia zaintzen zuen gainera: bere biziko garrantzia zuen, beraz, Erresuma osoarentzat.

Hau nabarmentzeko, Gaztelak Bastidari Forua eman zion 1242an, Brionesi 1256an, eta urte horietan ere Davalilloko gaztelua eraiki zuen: hiru lekuek San Vicente gertutik zelatatzen dute, gaur San Vicentetik edonork argi ikus dezaken bezala.

10

Bi mende eta erdi horietan, Gaztelaren menpeko herri gehienak handikien esku geratu ziren, Jaurerri moduan (Velasco, Sarmiento, Zúñiga edo Manrique familiak, besteak beste): Bastida Sarmientotarren eskuetan geratu zen, esate baterako. Haien eskutik etorri ziren 1366 eta 1430ko erasoak, baina bietan San Vicentek eutsi zion, bigarrenean suak herria hartu bazuen ere.

2.5- Askatasunaren galera

Oreka zail hau 1451an apurtu zen, Bianako Printzea eta bere aita Juan II.aren arteko lehia piztu zenean, Nafarroako Gerra Zibila delakoan. Testuinguru honetan, Sonsierrako herri gehienak Printzearen alde agertu ziren; gehien bat beaumontarrak ziren, beraz.

Karlos Bianako Printzea (Iturria: Wikipedia).

Karlos Bianako Printzea (Iturria: Wikipedia).

Bianako Karlosek Gaztelaren babesa jaso zuen, eta horregatik 1461ean, era baketsuan, Gaztelar armadari San Vicentera eta Guardiara sartzeko baimena eman zitzaion, Bianako Printzea lagunduko zutelakoan…. baina Printzea handik gutxira hil zen, eta gaztelarrak ez ziren handik mugitu.

1463an gatazka amaitu zuen Baionako Ebazpenean (Frantziako Luis XI.ak emandakoa) Lizarrako Merindade osoa Gaztelari ematen zitzaion. Baina erabaki hau ez zen bere osotasunean gauzatu, Lizarrako gazteluek amore eman ez zutelako. Merindadearen mendebaldea (Sonsierra eta Los Arcos inguruko herriak, alegia), aldiz, gaztelarren menpe gelditu ziren, Biana izan ezik: Los Arcos eta inguruko herri batzuk 1753an Nafarroara itzuli ziren, baina Sonsierrako herriak ez ziren sekulan Erresumara itzuli, horretan ahalegindu baziren ere.

2.6- Zatiketaren gauzatzea

Gaztelaren menpe gelditu eta laster, lurralde berriak berantolatzeari ekin zioten jabe berriek. 1430ean San Vicenten sutea eragin zuen armadako buruzagi nagusia izandako Pedro Fernández de Velascoren semeak -Haroko Konteak, alegia- San Vicenteko jaurgoa (señorío) jaso zuen: mendekua ote? Jaun honen eskuetan Haro eta Briñas ere baziren, besteak beste, eta gaur bera eta haren emaztea Burgoseko Katedraleko “Capilla del Condestable” distiratsuan lurperaturik daude.

Pedro Fernández de Velasco Manrique de Lara eta bere emaztearen hilobia, Burgoseko katedralean (Iturria: Wikipedia).

Pedro Fernández de Velasco Manrique de Lara eta bere emaztearen hilobia, Burgoseko katedralean (Iturria: Wikipedia).

Guardia eta bere herriak, Bastidarekin batera gaur Arabar Errioxa osatzen dutenak, zalantza batzuren ondoren, 1486an Arabako “Hermandad”-aren kide izatera pasatu ziren, Aragoiko Fernandok (bai, “el Católico” edo “el Falsario” izenordekoa) hala behartuta. Hasiera batean, 10 urteko iraupeneko baldintzapean baino ez zuten onartu Guardiako ordezkariek, baina denboraren poderioz, eta batez ere 1512tik aurrera Nafarroa Garaia ere konkistatua izan zenean, baldintza hura indarrik gabe geratu zen.

Velascotarren menpeko lurraldeak (San Vicente, Haro, Briñas, Lapuebla de Arganzón…), aldiz, Manriquetarren lurrekin gertatu zen bezalaxe (Trebiñu barne), ez ziren Araban sartu.

Eta horrela gauzatu zen gaur denok ezagutzen dugun mapa, gehien bat.

2.7- Azken mendeak

Hurrengo mendeetan, gaur ezagutzen dugun Arabar Errioxa trinkotzen zen bitartean, beste herriak (San Vicente nagusiki) Burgosekin lotu zuten administrazioen berrantolaketa ezberdinek.

1822an Logroñoko Probintzia osatzeko egitasmoa (Iturria: Wikipedia)

1822an Logroñoko Probintzia osatzeko egitasmoa (Iturria: Wikipedia)

  1. urtean Logroñoko probintzia sortzeko egitasmoa abiatu zen, eta bertan Sonsierra osoa sartzea proposatu zen hasieran. Azkenean, ordea, -1833. urtean, hain zuzen ere- gaur indarrean dagoen Espainako probintzien marrazkia onartu zenean, gaur ezagutzen dugun moduan gelditu zen eskualdea. Amaitzeko, duela hamarkada gutxi, Logroñoko probintzia zenari Errioxako Autonomi Elkartea izena jarri zioten, eta Araba Euskal Autonomi Elkartean sartu zen.

2.8- “Los Renegados”

Hainbeste gertakarien artean, bada pasadizo bitxi bat, oso esanguratsua dena.

Kontua da, beste toki askotan bezalaxe, hemen ere herri ezberdinetako herritarrek elkarri izenorde batekin deitzeko ohitura izaten zutela: batzutan barregarria, bestetan iraingarria…. San Vicentekoei, hainbat urtez, bi izen ezberdinekin deitu dituzte: “macanes” eta “renegados”.

Herriaren armarria: 550 urte igaro ondoren, Nafarroako armarriak bertan darrai, goi eskuineko alderdian (Iturria: www.sanvicentedelasonsierra.org)

Herriaren armarria: 550 urte igaro ondoren, Nafarroako armarriak bertan darrai, goi eskuineko alderdian (Iturria: http://www.sanvicentedelasonsierra.org)

“Renegados”, hain zuzen ere, gaztelarrak bihurtzeko agintearen aurka egindako erresistentziagatik. Ez dut uste inork bere buruari halako izenordenik jarriko liokenik; norbaitek jartzekotan, zure aintzineko herrikideak izango lirateke, haiekiko traizioa egin izanez gero, baina hori ez zen hemen kasua. Konkistatu zaituenak izen hori asmatzen duenean, helburua agerizkoa da: zure duintasuna akabatzea, zure fideltasuna traizioa bilakatzea, zure harrotasuna lotsa bihurtu.

Adibide honek argi erakusten du nola, askotan esaten den ez bezala, herri xeheak iritzi politikoa zuen, eta jarrera irmoa ere. Idatzietan gehien bat erregeak eta jauntxoak agertzen dira, hori egia da; baina horrek ez du esan nahi herri xeheak politikoki jarduten ez zuenik, eta hau horren adibide argia da. Ziurenik, 1463an San Vicenteko lagun askok ongi baino hobeto gogoratzen zuten bere jaun berriaren aitak herriari sua eman ziola….

  1. SAN VICENTETIK BASTIDARA

San Vicenteko gaztelu ikusgarria bisitatu ondoren, Bastidako bidea hartu zuten gure bisitariek. Eguraldi ederra lagun, mahastien arteko ibilbide goxoa egin zuten haurrek eta helduek, Bastidara iritsi arte.

16

17

18

Arratsaldean, haurrek Bastidako igerileku dotoreetan gozatzen zuten bitartean, heldu batzuek “AIMAREZ” izeneko upategia bisitatzeko aukera izan zuten. Bertan, Sonsierran nagusi den famili upategien ardogintza gertutik ezagutu ahal izan zuten, eta, ondoren, ondoko mahasti baten gordetzen den Antzinaroko dolare bat ere ikusi zuten.

19

20

Eta horrela amaitu zen gure egun bikaina. Ez dadila azkena izan…

…Eta hau holan ez bazan, sar nazatela kalabazan!!.

21

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

%d bloggers like this: