gaur gaude iraganari begira!
Gasteiz izan zen setiatua,
erasotua, zakuratua.
Ta ez da zuzena
ez oroitzea gertatu zena,
gure oinen azpian dugu dena.
errege-erreginek gerra erregela,
Gasteizko bataila famatzen da,
eta hau berriz non geratzen da?
Hemen ta egun
ea guk ondo kontatzen dugun
iraganetik ikas dezagun.
Egun on, ongi etorri.
Lehenik eta behin, MARTIN TTIPIA KULTUR ELKARTEAren izenean, gure eskerrik onenak eman nahi dizkizuegu, gaur ospatzen ari garen ekitaldi xume baina, gure ustez, garrantzitsu honetara hurbildu zareten guztioi. Halaber ere, eskerrik asko gure mozioa babestu zuten udal talde guztiei, eta baita ere Alkate Jaunari, bere eskumen esklusiboak erabiliz Martin Ttipia eta Nova Victoriako defendatzaileentzat Gasteizko mapan eremu bat gordetzeagatik.
Behin hau esan eta gero… zergatik bultzatu dugu, azkeneko urte hauetan, gaur gauden lekuari “Martin Ttipia” izena jartzea, eta zer nolako balio dauka honek, gure ustez?
Lehenik eta behin, begibistako justizia historikoaren beharraz bultzaturik, geure Hiria eta haren askatasunaren defentsan bizitza eman edo arriskuan jarri zuten lagunekiko. Baina haratago joango gara. Hau ulergarria egiteko, gogoeta batetik abiatuko gara, oso ezaguna eta erabat zuzena dena, askotan errepikatuta izan arren: gogoratzen duguna gara. Edo, bestela esanda -eta udal batzar honen kide baten hitzak erabiliz- herri baten Historia da hura definitzen duena.
Izan ere, garena gara -egunerokoan horretaz ohartzen ez bagara ere-, gure paisaia, gure kultura, gure hizkuntza, gure politika…. finean, gure nortasuna moldatu duten hainbat lagunez nahiz gertaerez osatutako kate luze baten emaitza garelako. Baina pertsonaia eta gertaera guzti horiek ez daukate garrantzi berdina, eta ezin dugu haiek guztiak gogoratu: badira mugarri gutxi batzuk, bilakaera hori laburbiltzen dutenak, eta, behin gure oroimen kolektiboan grabatuak izan eta gero, definitzen gaituztenak eta gure etorkizuna eraikitzeko oinarri gisa hartzen ditugunak.
Geu mugarri horiek definitzeko gai garen ehinean, beraz, geure etorkizunaren benetako jabeak izango gara; beste batzuek egiten duten ehinean, aldiz, -garaileek, orokorrean- gu izateari utziko diogu. Ez dago kontakizunik gabeko gizarterik, eta duintasunari eusten dioten jendarte guztiek, beste batzuek haien kontakizuna idaztea eragozten dute, honek beren buruaren menpekotasuna galtzea dakar eta.
Askotan, mitoa eta errealitatea kontakizun horretan uztartzen dira. Bide batez, boladan dago aspaldi honetan euskaldunon kontakizuneko mitoak -edo uztezko mitoak- zalantzan jartzea. Hori erabat laudagarria bada ere, zilegi da ere geure buruari galdetzea zergatik mito horietako batzuk kolokan jarriak diren, eta beste batzuk, aldiz, ez ote diren aipatu ere egiten. Gaur, aldiz, ez gara inolako mitoaz ari, erabat sustatuko eta agirietan oinarritutako GERTAKIZUN batez baizik: Nova Victoria edo Gastehiz izeneko nafar hiribilduari gaztelarrek 1199 eta 1200 bitartean ezarritako setioaz, alegia. Gertakizun hau guztiz izkutatu eta gutxietsi egin digute. Zergatik?
Seguru aski, eman daiteken erantzuna, jendeak -gai honetaz lehen aldiz entzutean- egiten ohi duen galdera bikoitzari eman ahal zaion erantzun berbera da. Hau da galdera: “Baina, niri zer axola zait Historia? Zergatik axola behar dit duela 800 urte gertatutakoa?”. Erantzuna erraza da: ez garelako duela 800 urte gertatu zen gauza batez hitz egiten ari, duela 800 urte gertatzen hasi zen gauza batez baino, haren ondorioak gaurdaino iristen baitira, eta guregan eragina baitaukate, Historiarekiko inongo zaletasunik ez eduki arren.
Izan ere, norberak askatasunez epaitu nahi dituen moduaz landa, badira gertakizun honek objetiboki agerian uzten dituen gauza batzuk:
- Lehenik, gure gaurko estatusaren jatorrian konkista bat dagoela -Nafarroako erresumarena, hain zuzen-, eta ez bestelako konturik.
- Bigarrenik, erregeak eta jauntxoak jabe ziren testuingiru batean (hau, bidenabar, ez da asko aldatu, gaurko handikiak zaldiz joaten ez ba dira ere, eta ezpatarik erabiltzen ez ba dute ere), Nova Victoriako biztanlegoa, herria bera, bere etorkizunaren protagonista bezala altzatu zela, eta honek gaur nagusia den iritzi bat eztabaidan jartzen duela: garai hartan herri xeheak inongo iritzi politikorik ez zeukala, alegia.
- Hirugarrenik, biztanleri horrek sutsuki egitura zehatz baten parte izatea defendatu zuela, Nafarroako euskal edo baskoi erresumarena, alegia. Argudiatzen da, normalean, “parte izate” hori erregearekiko morrontza hutsa zela, inolako talde konzientziarik gabe (antza denez, hau Frantziar Iraultzatik aurrera baino ez zen agertu); nafar erresumako “parte izate” hori behin-behinekoa eta une bateko kontua izan zela; edo Araba eta Nafarroa bereizitako egiturak zirela, gaurko Nafarroako Foru Komunitatea eta Arabako Lurralde Historikoa bezalaxe, antza denez garai hartan jadanik existitzen baitziren. Argudio sorta honi eusteko, nafar erresumaren garrantzia gutxiestea eta hura Arabako lurraz kanpoko egituratzat jotzea xede duena, ezinbestekoa da beste hainbeste errealitate historiko baztertzea, esate baterako:
- Araba, hasieran, asturiar eta islamiar idatzietan, Baskoniari lotuta agertzen dela -ez da bitxikeri bat hiriko saski-baloi talde nagusiak izen horixe bera edukitzea-, Iruñea/Nafarroako erresumaren sorrera ere izan zen egitura politikoa alegia, bisigodoek eta frankoek aipatua.
- ez zela izan, ezta gutxiagorik ere, Arabako lurrek erresistentziaz pairatu zuten mendebaldeko lehenengo konkista (850ean, 866an eta 1076an ere gertatu ziren halakoak).
- 30 urte beranduago baino ez, Obanoseko infanzoiak Pro libertate patria… eta ez Pro libertate regis… antolatzen zirela.
- eta ezin dugu ezta ere ahaztu bazela hizkuntz komunitate bat, Euskal Herria, euskararen jendea alegia, mendeen poderioz Arabatik ia oso-osorik ezabatuta izan zen hizkuntza.
Amaitzeko, ez dakigu zer gertatuko zen Gasteizko konkista gauzatu izan ez balitz. Badakigu, baina, gaur erabilitako hizkera eta egoera sozio-politikoa ez direla berdinak, 1200eko konkistaren ondoren. Nekez entzun liteke gaurkoan Bizkaiko eta Arabako nafarren ohiturez mintzatzen, Codex Calixtinusek konkista bete baino 70-80 urte lehenago egin zuen bezala. Ez litzateke, ezta ere, berdina izango (agian ez litzateke egongo, batek daki!) 1256 inguruan Gaztelako Alfontso X.-ak sortutako muga -Oiartzun, Tolosa, Segura, Agurain, Kontrasta eta Kanpezuri Foru ematean-, gaur EAEa eta NFKa bereizten dituena. Eta abar luze bat…
Konkistaren ondorio hauek guztiak, zalantzarik gabe, errealitate ukaezinak dira gaur egun. Norberaren esku dago, aldiz, ontzat joko dituen ala ez erabakitzea. Guri, elkarte bezala, zeregin bakarra dagokigu: zergatik -eta zein interesen arabera- existitzen diren, eta ziren, ulertzea ahalbidetu dezaketen frogatutako eta agirietan oinarritutako gertakizun historikoak jakitera ematea. Handik aurrera, XXI. mendeko gasteiztarren eta euskaldun/nafarren herri ekimenak, eta ez inolako determinismo historikorik -norbait horren bila gabiltzalakoan baldin badago…- esango digu ia, 800 urte geroago, 1200. urteko konkistaren ondorioak onartzen segitzen dugun ala ez.
Izan bedi hau hainbat harri-kozkorrez osatutako bidearen lehenengo harri-kozkorra, gure herriarentzako berezko kontakizuna berpiztea helburu duen bidean, alegia. Bere iraganaz jabetzen den herria baino ez delako izango haren etorkizunaren jabe…. Izan ere, eta inor oraindik horretaz ohartu ez balitz, ez dugu soilik iraganaz hitz egin denbora tarte honetan, batez ere etorkizunaz baizik; geure etorkizunaz, hain zuzen ere.
Izan zirelako gara, eta garelako izango dira.
Eskerrik asko denoi!!
Tagged: Martin Ttipia Lekua
Utzi erantzun bat