
(Iturria: Nabarlur)
1886an, Fidel Fita Colomé (1835-1918) historialari katalaniarrak Gaztelako Alfontso VIII.aren (1155-1214) testamentu osoa argitaratu zuen, behin agiria Toledoko katedralean aurkitu eta gero. Gogoratu behar dugu Alfontso VIII.ak orduko Nafarroaren mendebaldea indarrez hartu zuela menpean, 1199 eta 1200 bitartean.
1204ko abenduaren 8an idatzi omen zen aipatutako testamentua, errege gaztelarra osasun egoera larrian zegoelarik, hiltzeko zorian. Bertan, besteak beste, Diego Lopez Harokoari Bizkaiaren jabetza itzultzeko asmoa adierazten zuen (momentu hartan, jauntxo eta militar boteretsu hau Gaztelako erregearen aurka matxinatuta zegoen, Lizarrako gazteluetan gotorturik, hain zuzen ere), eta, bereziki, Antso VII. “Azkarra” Nafarroako erregeari 4 urte lehenago konkistatutako lurraldeak itzultzeko hitza ematen zuen ere.
Aipatutako lurraldeak mugarriztatzerakoan, “Araniello” toponimoa agertzen da idatzian, kokapen argirik gabekoa. Gaur dakarkizuegun idatzi interesgarri honetan, Jesús Pérez de Viñaspre gure lagunak aipatutako lekua Deban egon litekeelako teoria azaltzen digu, testamentuari koherentzia geografiko nabaria emango liokeena. Irakurtzen jarraitu →