
Balea eta Leviathan (Iturria: http://www.fanaticus.org/discussion/showthread.php?t=14503)
Erromesaldia, erotismoaren aitzakia
Aurreko zatia euskal esaldi misteriotsu hau aipatuz amaitu genuen:
schatuwa ne tu so gausa moissa
Eta hauxe da idazleak berak egindako itzulpena……
schoin junfrau kumpt bij mich slaeffen
… edo gaurko euskaraz esango genukeen bezala:
neska eder hori, etorri nirekin lo egitera
Hara!! Badirudi gure erromes jainkozaleak, debozioaz gain, bestelako motibazioak zituela bidai luze hau egiteko. Izan ere, antzeko esaldiak ere txertatu zituen beste hizkuntzetan eginiko hiztegitxoetan. Inon agertzen ez dena zera da, ea esaldi honekin arrakastarik eduki zuen ala ez….
Gaurko irakurleoi arraroa iruditu dakiguke halako esaldi gordina irakurtzea, baina kontuan hartu behar dugu Trentoko Kontzilioa antolatu zen arte (1545-1563), maitasuna eta sexuarekiko tolerantzia askoz handiagoa zela Europan, elizgizonen artean ere (adibide giza, Petrarca, Boccaccio edo Hita-ko Artzapezaren “El Libro del Buen Amor” aipatu genitzake).
Ez dago esaldi honen adostutako interpretaziorik. Justo Garate Arriola ikertzaileak, Vinson eta Sariohandyren iritzietan oinarriturik, interpretazio hau proposatzen du:
“Neskatua ([ne]schatuwa), nahi duzu (ne tu so) gauza motza (gausa moissa)?”
Justo Garatek “motza” hitzari “alua” esanahia ematen dio (“verenda mulieris”), eta infinitibo bat faltan sumatzen du. Aipatzen du, halaber ere, Erroibar eta Esteribarren erabiltzen dela forma hau. Bestalde, Juan Inazio Lizarragak, Nafarroako hizkeran oinarrituriko haurren euskarari buruzko lanean, “motxa” aipatzen du “alua”-ren sinonimo bezala, hizkuntz arruntaren arloan.

Arnold von Harffen bidaiaren mapa (Iturria: http://pilgrim.peterrobins.co.uk/itineraries/map/Harff.html)
Bidaian aurrera, Santiagorako bidean
Iruñean azalpenetan luze eta zabal aritu ondoren, berriro bidaiari ekiten dio Arnold von Harffek. Gendulain (Indulay) zeharkatzen du, eta ondoren Gares (La punt de Regina), Lizarrara (La stella) iristeko. Bidaiaren zati honetan gure protagonistak nonahi agertzen den hondamendia goraipatzen du: ezin ahaztu XV. mende amaierako liskarretan Lizarrak eta bere inguruko eskualdeak oso kalte handiak jaso zituztela.
Badago hemen ere bere xumetasunean adierazgarria den ñabardura bat: Lizarrara iristean, hiriari bertako hizkuntzaz Sudat esaten diotela aipatzen du. Ez dirudi euskaraz antzeko hitzik aurki dezakegunik. Ezin ahaztu, gainera, Done Jakueren bidearekin eta erromesekin loturiko auzoetan, beren fundaziotik, euskaldunak (edo, garai hartan esango luketen bezala, nauarros) ezin zirela bizi Lizarran.
Egoera juridiko hori aldatua zen Arnold von Harff Lizarrara ailegatu orduko, baina horrek ez zuen eragin biztanlegoaren bapateko ordezkapen bat: baliteke, beraz, nafar hizkuntza erromantzetik hartutako hitza izatea edo, zergatik ez, dakigunez XIV. mende amaieran oraindik frankoen auzoetan nagusi zen okzitanieraren aztarna bat. Adibide gisa, gaurko okzitanieraz “Hiria” “Vila” esaten da edo, baita ere, “Ciutat”; eta azken hitz hau eta Sudat oso antzekoak dira. Nolanahi ere, zeharkako moduan hiriaren hizkuntz egoerari buruzko argibide interesgarria ematen digu.
Lizarra atzean utzita, Urbiola (Orbeola), Urantzia edo Arkueta (Lons zarkons), eta Bianatik (Viennes) pasatzen da Logroñora (La grunea) iristeko. Hemen aipatzen du nola bertako zubia zeharkatzerakoan Nafarroako erresuma amaitzen den, eta Espaiñako lurra (dat land van Hyspanien) hasten den. Eta handik aurrera Navarrete, Naiara, Azofra, Santo Domingo de la Calzada….Burgosera iritsi arte, eta handik Santiagora.
Itzulerako ibilbidea, San Adriango bidetik
Arestian esan bezala, Santiagora ailegatu eta gero, etxerako bidea hartu zuen zaldun alemaniarrak, eta joaneko bidaian ez bezala, Arabar lautadatik pasatu zen, Pariserantz. Burgosen hartu zuen zidor berri hau, Bureba zeharkatuz: Quintanapalla, Briviesca (Barbisco), Pancorbo….
Handik Mirandara (Meranda) iritsi zen. “Gaztelar hiria” bezala deskribatzen du: gogoratu behar dugu 1463an Arabako Anaitasuna (“Hermandad”), gaurko Arabako probintziaren jatorria, sortu zenean, Mirandak parte hartu zuela (Pankorbo, Sajazarra edo Losa bezalaxe), baina 1481ean jadanik Arabatik kanpo zegoela.
Argantzunen (Popula de Arganson) ondoren, Gasteizen (Victoria) txanda zen. Hiri ederra (eyn schoin stat) gure bidaiariaren aburuz: bertan Frantzian indarrean zen dirua lortu beharra zegoen, Espainiar diruaren truke. Ezin ahaztu XIX. mendera arte aduanak ez zituztela Irun-en ezarri, eta, ordura arte, Gasteizko aduana Baskongadetako garrantzitsuena zela.
Hemendik Heredia (Tredies), eta Galarreta (Galarda) bisitatu zituen, San Adrianera (Trianport) igotzen hasi baino lehenago. Gaur egun ikus dezakegun zulatutako harkaitza deskribatu eta gero, datu deigarri bat ematen digu gure zaldunak: bertan Espainiaren muga dagoela, lurran nahiz hizkuntzan (lant ind spraich), eta Pascayen lurra eta hizkuntza bertan hasten direla.
XVI. mendeko bidaiari batzuek esandakoaren arabera (Andrea Navaggiero, Venturino….), beren garaietan gaztelera euskarari gailentzen zitzaion Gasteizko kaleetan. Arnold von Harffek esandakoaren arabera, badirudi ordezkapen prozesu hau XV. mende amaieran jadanik abian zela. Bestalde, Pascaien hitza euskararen erabilerarekin, eta ez muga politikoekin (izan ere, bai Araba eta baita Gipuzkoa ere Gaztelako koroaren barruan ziren, berezko erregimen foralarekin bazen ere) lotzean, agerian uzten du zein den ematen dion esanahia.
Harrezkero, datu gutxi ematen ditu gure bidaiariak. Oria ibarrean behera joaten da: Segura, Villafranca (Ordizia), Alegia, Tolosa, Villabona, Andoain (Litzauwe)…eta gero Hernani (Ernane), Irun (hemen Bidasoa –Beobia– zeharkatzerakoan Espainiako erresumatik Frantziako erresumara pasatzen da), Urruña, Donibane Lohitzune, Baiona…. amaigabeko Landetan sartu arte.

Arnold von Harffen hilobiaren estalkia – Lövenich, Alemania – (Iturria: http://www.bilder-aus-erkelenz.de/)
Bidaiaren ondorengoak
Bere etxetik kanpo ia 3 urte eman eta gero, 1499ko urriaren 10ean ailegatu zen Arnold von Harff abiapuntura, Koloniara alegia. Handik lasterrera gaztelu bat jaso zuen haren osaba batengandik, Lövenich herrixkan kokatua, Erkelenzer eskualdean: bere jaioterritik gertu, beraz. Bertan idatzi zuen haren bidaiaren kontakizuna, 1504an ezkondu zen eta, azkenik, 1505eko urtarrilean hil zen, 35 urte inguru baino ez zituelarik.
Haren gazteluaren arrastorik ez zaigu gaur gelditzen -1972an eraitsi zuten-, eta haren gorputzaren aztarnak elizaren eraberritze lanen ondorioz galdu ziren. Hala ere, Lövenicheko “Sankt Pauli Bekehrung” (Paulo Deunaren Bihurtzea, alegia) elizaren kriptan haren hilobia estaltzen zuen landutako harria oraindik ikus dezakegu, zaldunaren eta hainbat armarrien irudiarekin.
Eta goiko argazkian ikus dezakezuen bezala, duela 500 urteko zaldunak oraindik denbora luzean gordetako hainbat sekretu kontatzeko irrikitan dagoela ematen du….
…..eta hau holan bazan ala ez bazan, sar nazatela kalabazan!!
-Iñigo Larramendi-
Utzi erantzun bat