Eliseo Gil Zubillaga, “Urteko Nafar” Saria 2015

1) HITZAURREA
Eguerdi on danori, eta eskerrik asko etortzeagatik.

Gaurkoan, eta hirugarren urtez jarraian, Urteko Nafarra Saria emango dugu. Lehenik eta behin, aurreko urteetako saridunak gogoraraziko ditugu: José Antonio González Salazar ikertzaileak jaso zuen lehenengo urteko Saria, eta Joxe Ulibarrena eskultorea izan zen bigarren sariduna, joan den urtean alegia. Aurten, Saria ELISEO GIL ZUBILLAGA arkeologoari ematea erabaki dugu.

Hasi aurretik, Sari hau, finean, taldearekiko Saria dela azpimarratu behar dugu: izan ere, batez ere Eliseo aipatuko dugu, Sariaren ezaugarriak direla eta norbanakoei ematen ohi diegulako, eta akusatu nagusia delako; baina gure aitortza Idoia Filloy eta beste Lurmenkide guztientzat ere badela goraipatu nahi dugu.

Argazkia: ostraka.mundua.com

2) ELISEO GIL-EN BIOGRAFIAREN LABURPENA
1961ean jaio zen. Geografía eta Historian lizentziatu zen UPV-EHUn, eta ondoren master bat ikasi zuen, Ondare Arkeologiko, Historiko eta Artístikoari buruzkoa. Jarraian, Baskoniako “erromanizazioa”-ren ikerkuntzarantz bideratu zuen bere jarduna: Arabako hainbat aztarnategitan hartu zuen parte, gai honen inguruko solasaldi batzuk koordinatu zituen, eta idatzi nahiz artikulu asko argitaratu zuen.

Honen ondorioz, 1994. urtean Baskoniako mendebaldeko aztarnategirik garrantzitsuenean -Iruña-Veleian, alegia- indusketak antolatzeko ardura jaso zuen, eta hau gauzatzeko Lurmen, S.L. sortu zuen, Idoia Filloyrekin batera. 2001. urtean 10 urteko hitzarmena sinatu zuen Eusko Tren enpresarekin, eta 2005-2006 urteetan grafitoak agertzen hasi ziren, 400 inguruko kopuruan: bertan aintzineko euskarari buruz, kristianizazioari buruz, nahiz Inperioko beste lurraldeetatik jasotako eraginari buruz ekarpen garrantzitsuak agertzen ziren.

Aztarnategiaren jabea den Arabako Foru Aldundiak (AFA) aholku batzorde bat sortu zuen, gehien bat UPV-EHUko irakaslez osatua, indusketen emaitzak aztertzeko. Txosten gehienak oraindik jasotzeke zirenean, eta Lurmenek proposatutako proba analitikoei eta ekarpen independienteei jaramonik egin gabe, 2008ko azaroaren 19an -”Bidegabekeriaren eguna”, alegia- aipatutako batzordeak, zalantza izpirik gabe, grafitoetan agertutako izkribuak faltsuak zirela ebatzi zuen, eta garai hartan Kultur Ahalduna zen Lorena López de Lacallek bat-batean Lurmen aztarnategitik bota zuen.

Haatik, gauzak ez ziren hor gelditu: ondorengo hilabeteetan, AFAk Eliseo Gil, Oscar Escribano eta Rubén Cerdánen aurkako auzi-eskea ezarri zuen, faltsukeria egotzita. Auzi-eske horrek 7 urte daramatza instrukzio fasean, artxibatzea ala epaiketarako deialdiaren zain. Egoera hau da, batez ere, Sari honen bitartez salatu nahi duguna, eta, bide batez, Eliseori eta Lurmeneko kideei gure babesa adierazi.

3) ZERTAZ ARI GARA “URTEKO NAFARRA” ESATEAN? ZERGATIK EMAN DIOGU SARIA ELISEORI?
Baliteke zuen arteko batzuek -Eliseok berak, agian- zuen buruei zera galdetzea: zer esan nahi duzue “Urteko Nafarra” esatean? Izan ere, hau entzutean, gehienek, dena delako joera ideologikoa edukirik, gaurko C.F de Navarra, Alta Navarra edo Nafarroa Garaiaz soilik ari garela pentsatzen ohi dute.

Begibistakoa denez, ez gara honetaz ari. Zertaz ari garen ulertarazteko, oso adibide zehatza jarriko dizuet. Hain zuzen ere, 12. mende hasieran idatzitako Codex Calixtinus-ek, Santiago de Compostelako katedralean gordetzen dena eta duela gutxi pil-pilean egon zena haren lapurketa dela eta, hauxe dio:“Soldata baten truke, nafar edo basko batek1 frantses bat erahilko du, ahal izanez gero. Haien eskualde batzuetan, batez ere Bizkaian eta Araban, nafarrak berotzen direnean, gizonezkoek eta andreek elkarri haien lotsariak erakusten dizkiete”. Hots, garai hartako Áraba Nafar Erresuma edo Estatuaren eskualde bat zen -gaurko egoerarekin zerikusirik ez duen egoera, alegia-, eta garai hartako arabarrak nafarrak ziren.

Gaurkoz gure herrikide gehienek barneratu ez duten errealitate batez (aurrerantzean kontzeptu hau askotan erabiliko dut) ari gara, beraz:
– idatzizko euskarririk dugunetik behintzat, Ebro garaiak, Garonak, Mendebaldeko Pirinioak eta Kantauri itsasoak mugatzen duten esparru zabalean, hainbat gorabeherekin baina jarraikortasunez, gizarte bat bizi izan dela;
– gizarte honek, Historian zehar hainbat izenez ezagutua izan dena (Vasconia, Cantabria, pueblo vasco, vascongado edo vasco-navarro, Euskal Herria…), eten gabe jardun duela hizkuntzan, zuzenbidean, erakundetzean, artegintzan, folklorean nahiz ekonomian, munduko beste herri guztiek bezalaxe;
– halaber ere, politika arloan jardun duela, burujabeak eta nazioartean aitortuak izan ziren Baskoniako Dukerria eta, batez ere, Nafarroako Erresuma/Estatua bezalako egituren hazia eta bizkarrezurra izanik. Egitura hauen konkista eta menpekotasunean (politika, zuzenbidea, gizartea, nahiz kultura arloetan) dago gure gaurko egoeraren jatorria, eta ez gaur nagusi diren beste mito batzuetan.

Gure lehen saridunak, José Antonio González Salazarrek alegia, errealitate hau agerian utzi zigun, gure herriaren ohiturak, usadiozko antolakutza edo toponimia, besteak beste, biltzeko egindako lan bikainari esker, bereziki Bernedon eta Arabako Mendialdean. Eskerrik asko, José Antonio.

Gure bigarren saridunak, Joxe Ulibarrenak alegia, bere bizitza osoa eman du euskaroak garela guri gogorarazten; hots, berezko kosmogonia eta bizitzaren ikuspegia duen herri edo etnia bat, gero eta jende gutxiago honen jakinaren gainean badago ere. Joxek, baina, ikuspegi hau jaso du, bere aparteko Iruñeako Erresumaren Museoan, Arteta herrian. Horretaz gain, haren jeinuzko eskultore-eskuetatik gure Historian ahantzitako funtsezko pasarteak oroitzen dituzten eskultura dezente atera da, eta leku honetantxe Martin Ttipia eta “Nova Victoria” defendatu zuten gasteiztarrak oroituko dituen estatua ere berak egindakoa izango da. Eskerrik asko, Joxe.

Zuri dagokizunez, Eliseo, arkeologo moduan jardutean, zure nahia irizpide zientifikoen arabera gure iraganean hausnartzea, besterik gabe, izango zelakoan nago. Baina, ezinbestean, nahi hori garatzean errealitate horrekin topo egin zenuen, 400 ostraka edo grafitotan gauzaturik. Grafito horiek guztiek argibide baliotsua ematen digute, geure hizkuntza den euskararen iraganari buruz, garai hartako latinari buruz, gure herriaren kristianizazioari buruz, edo Erromatar Inperio anitzaren beste lurraldeekiko harremanari buruz. Eta horrexegatik, zure lan arduratsuari esker gure Historiaren -beraz, aipatutako errealitate horren- aro nagusi hau hobeto ezagutu ahal izan dugulako, emango dizugu Sari hau; bide batez, zure ahaleginari eutsi diezaiozun indarberritu nahi zaituztegu. Eskerrik asko, Eliseo.

Iturria: euskararenjatorria.net

Baina Historian zehar hainbeste aldiz gertatu den bezala -Miguel Servet, Giordano Bruno edo Galileo Galileiren kasuetan, adibidez- errealitate zientifikoa zintzoki argitaratu nahi duen horrek, norbanakoen interesek, estatus batzuen iraupenak, edo status quo delakoa sustatzen duten dogma ikuezinek agindutako munduarekin talka egiten du.

Nafar Estatuak eredu saihestezina izan behar duela aldarrikatzen dugunok, sarritan, harresiekin eta onarpenik ezarekin topo egiten dugun bezala, Eliseok/Galileok eta haren Lurmeneko lagunek ere errukirik gabeko astindua jaso dute, gizarteak zer pentsatu behar duen edo zer ez duen pentsatu behar jakiteko dohaina dutela uste duten horiengandik, aurreko astean argi eta garbi ikusi dugun bezala2.

4) AMAITZEKO GOGOETA BATZUK
Amaitzeko, agurtu baino lehen, beharrezkotzat jotzen ditudan bi gogoeta plazaratu nahi nituzke.
Lehenengoa: ika-mika honetan kolokan dagoena ez da eztabaida ideologiko xume bat, edo Historiaren bertsioen inguruko eztabaida bat (Martin Ttipia Kultur Elkartean zilegitzat jotzen dugu hau, eta beti horren alde egingo dugu), baizik eta errealitatearen eta gertakizun historikoen ezagutza zabala, demokratikoa, zintzoa, kritikoa eta zientifikoa, ala boterearengandik -nolanahiko itxura hartzen duela- bultzatutako dogmak lehenetsi behar ditugun.

Bigarrena: (eta gehiegikeritan ez nabilelakoan nago…) nere ustez, orain eta hemen, alarma-oihua zabaldu behar dugu, gure ustez Madriletik eta Parisetik birzentralizazio hutsetik haratago bultzatzen ari diren agerizko erasoa dela eta, euskal herriaren oroimoen historikoa-ren konzientzia osoa berreskuratzea ekarri dezaketen ekimen guztien aurka. Lan horretan, zoritxarrez, ustez gure herria defendatzen duten lagun eta erakundeen geldotasuna eta, behin baino gehiagotan, laguntza ere bere alde daukate.

Aspaldi honetan Pedro Luis Uriartek osenki hitz egin du, Itun Ekonomikoaren aurkako erasoen harira sumatzen duen geldotasun eta ezjakintasunagatik. Geldotasun eta ezjakintasun hori, tamalez, Itun eta Hitzarmen Ekonomikora mugatzen ez dela esaten ausartuko nintzateke. Argi eta garbi esan dezagun: lehenbailehen suspertu ezean, akabatzear gaude.

Gure txikitasunean, apaltasunez baina amore eman gabe, eta, Newtonen hitzak erabiliz, José Antonio, Joxe eta Eliseo/Galileo bezalako erraldoien sorbalden gainean zutik, geldotasun eta gure oroimen historikoaren ezjakintasun horren aurkako borrokari eutsiko diogu, gure ustez -eta hemen dago arazoaren gakoa, gure aburuz- haren Historiaren jabe ez den herri bat ez da sekulan haren etorkizunaren jabe izango. Hurrengo geltokia 2016ko irailaren 24an izango da: egun horretan eta hemen bertan Martin Ttipia Lekua inauguratuko dugu. Honenbestez gonbidatuta zaudete.

Eta behingoz amaitzeko, Donibaneren Ebanjelioan (8:32) agertzen den aipamen ospetsu bat gogoratuko dut: Veritas liberabit vos (=egiak askatuko zaituzte). Hala izan bedi…

Eskerrik asko danori!!

– Iñgo Larramendi (Martin Ttipia Kultur Elkarteko Lehendakaria –

1 ARGITZE OHARRA: 12. mendeko idatzi honetan “nafarrak” esaten zaie Pirinioko hego isurialdeko euskaldunei, Nafarroako Erresumaren mendekoak; eta “baskoak” Pirinioko ipar isurialdeko euskaldunei, aintzineko Baskoniako Dukerriaren mendekoak, gaurko “Gaskonia”, alegia. Garai hartan, lurralde hau hainbat bizkonderritan banaturik zegoen, eta hauen mendekotasuna Nafarroako Erregea eta Akitaniako Dukearen artean kulunkatzen zen.
2 Saria eman aurreko astean, “El Correo” egunkariak, bere Arabako edizioan, orrialde nagusietan, zehatz-mehatz eta hiru egunez jarraian, Ertzaintzak eginiko Txosten judizialaren ondorioak argitaratu zituen, Lurmenek aurkitatukoa eta haren kudeaketa zikintzen dutenak. Txosten hau ez zioten aldez aurretik Eliseo Gili jakinarazi, eta, azken honek 2015/12/04ko prentsa-aurrekoan azaldu zuenez, ez du frogarik edo ebidentziarik ematen, eta susmoaren arlotik landa ez du ezer esaten.

1 thoughts on “Eliseo Gil Zubillaga, “Urteko Nafar” Saria 2015

  1. […] Martin Ttipia elkarteak urteko nafarrak izendatu ditu eta 2. urtez 2014 eta 2015 Iruña Veleia saridunak ere dira Idoia Filloy eta Eliseo Gil arkeologoak. 1700 urteko euskara zaharra defendatzeagatik, Iruña Veleia sari preziatua eta tradizio handikoa irabazi dute. Zorionak. […]

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.