Tag Archives: Erraztiolatza

‘URTEKO NAFARRA’ SARIA JASO DU RAFAEL BERASATEGIK, ERRAZTIOLATZA ERAKUSTOKIARENGATIK

(2018ko abenduaren 1ean “Goierriko Hitza”n argitaratutakoa)

Gasteizko Martin Ttipia kultur elkarteak 2018ko Urteko Nafarra saria Segurako Rafael Berasategiren Erraztiolatza erakustokiari eman dio, “hainbat urtez euskaldunon nafartasun politikoa Goierrin aldarrikatzeagatik, eta euskal kulturaren alde egindako lan eskergagatik”.

Berasategik 2008an sortu zuen Erraztiolatza erakustokia edo museoa, eta “aintzinako ohiturak eta gure arbasoen egunerokoak” ezagutzeko aukera eskaintzen du. Berasategiren esanetan, “aurten 3.000 lagunetik gora pasatu dira bertatik”. Hainbat ofiziotako tresnak ikus daitezke bertan: aroztegiko tramankuluak, zerraiak eta errementariaren lanabesak, ehungintzan erabiltzen ziren bi telar, animalientzako zepoak, fosilak, presoak lotzera erabiltzen ziren burdinezko girgilduak, XVII. mendeko Seguran egindako metro bateko iltzeak…

Bestetik, Seguraren eta Seguraren aurretik izan zen Erraztiolatzaren historia ere biltzen du Erraztiolatzak, Berasategik berak egindako maketen bidez. “Gaur egungo historialariak berridazten ari diren historia biltzen du Berasategik”, adierazi dute Martin Ttipia elkartekoek.

Euskal Herriaren ezkutuko historia ikertzen duen taldea da Martin Ttipia. “Herri bat garela, Nabarra izan ginela erakusten dugu, eta hainbat zirkunstantzia tarteko iritsi ginela gauden tokira. 1200. urtean Gaztelak asmatutako izenak dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa”. 1199an Gaztelako Alfontso VIII.aren setioaren aurkako defentsa zuzendu zuen tenentea izan zen Martin Ttipia.

Rafael Berasategik eskerrak eman dizkie Martin Ttipia elkartekoei, Nabarralderi eta “asko laguntzen didan Bixente Albizuri”.

Oroigarria eman ondoren, goizean museoan eta herrian bisita gidatua eta bazkaria egin dituzte.

Advertisements

ABENDUAK 1: “URTEKO NAFARRA” SARIA 2018, SEGURAN

2013an hasitako ildoari jarraituz, 2018an MARTIN TTIPIA KULTUR ELKARTEAk “Urteko Nafarra” Saria Segurako ERRAZTIOLATZA ERAKUSTOKIAri ematea erabaki du, datorren abenduaren 1ean larunbatean, hainbat urtez euskaldunon nafartasun politikoa Goierrin aldarrikatzeagatik, eta euskal kulturaren alde egindako lan eskergagatik. Aurreko urteetan, Jose Antonio González Salazar etnografoa, Joxe Ulibarrena eskultorea, Eliseo Gil arkeologoa, Idoia Arrieta historialaria eta “Martin Ttipia Auzolantzerkia”-n parte hartu zuten lagunak izan ziren saridunak.

Sari-ematea ez ezik, goizaldeko plan osoa diseinatu dugu egun horretarako Seguran, goizeko 11:30etan hasita. Atxikitako gonbidapenean daukazue informazio guztia, eta bazkarirako izena emateko helbidea (Adi!! Epemuga azaroaren 26an).

NABARRALDEren babesarekin, gonbidapen hau, bereziki, Goierrin eta inguruko eskualdeetan gure nafar konzientziaren berpizkundean diharduzuen lagun guztiei luzatu nahi dizuegu, giro ezin hobean loturak estutzeko eta elkarren lana ezagutzeko aukera paregabea izango delakoan.

Abenduaren 1ean elkar ikusi arte, ondo izan!!

-MARTIN TTIPIA KULTUR ELKARTEA-